Egia-oste

Hedabideen bidez jasotzen ditugun berriak.

Egia-ostea edo post-egia (ingelesez: post-truth edo post-factual politics) 2016an sortutako neologismo bat da, eta politikan emozioak eta sentimenduak egiari gailentzen zaizkiola adierazteko erabiltzen da.[1] Kultura politiko baten isla da zeinetan eztabaidetan emozioak lehenesten diren politikaren xehetasunen gainetik. Hala, egitate faktualak alboratuak geratzen dira.

Iritzi publikoa eratzeko garaian emozio eta uste pertsonalek egiak baino eragin handiagoa duten egoera da egia-ostea, eta, ondorioz, egiaren balioa eta presentzia ahuldu dira, eszena publikoan bigarren mailako gai bilakatuz. Nagusiki XXI. mendeko koiunturan hedatutako terminoa da, arazotsua, eta filosofia-esparru garaikideko eztabaidagai pisutsua. Maiz gezurra edo ezjakintasunarekin alderatu izan den terminoa da, gauza bera ez badira ere. Egitateek garrantzirik ez dutela esplizituki onartu beharrean, hauen xehetasunen aukeraketak ikuspegi bat edo beste faboratzen duela sinesten den egoera da, modu honetan, norberaren ikuspegia babesteko jokabidea sustatuz. Haratago joanez, egia-ostea defini daiteke honela ere: masen erreakzioak edo interpretazioak egitateak alda ditzakeela uste den egoera[2]. 2016an, Oxford hiztegiak urteko hitz izendatu zuen “egia-oste” terminoa.

Honez gain, aipatzekoa da morfologiari dagokionez, -oste atzizkiak (ingelesez eta gazteleraz pos- aurrizkia, postruth eta posverdad terminoetan) ez diola denborari erreferentzia egiten; egiaren gainditzeari, ezkutaketari, ezabaketari, garrantzia kentzeari baizik. Politikaren esparruari dagokionez, “egia-ostearen politika” terminoa ere erabili ohi da, gai honek mundu mailako zein eskala txikiagoko jarduera politikoan duen eragina adierazte aldera.[3]

Hainbat adituren arabera, egia-osteak lotura du aurrez filosofian emandako hainbat gai moral, epistemologiko zein politikorekin; hala nola, erlatibismoa eta postmodernitatea. Beste batzuen ustez, aldiz, antzeko aurrekaririk gabeko fenomenoa da.

  1. «Egia ostea» Berria (Noiz kontsultatua: 2017-01-11).
  2. McIntyre, Lee. (2018). Posverdad. (1ª ed. argitaraldia) Cátedra ISBN 978-84-376-3869-0. PMC 1057893227. (Noiz kontsultatua: 2022-05-23).
  3. , wikipedia or..

From Wikipedia, the free encyclopedia · View on Wikipedia

Developed by Nelliwinne