David Hume | |
---|---|
![]() | |
Datu biografikoak | |
Jaiotza | Edinburgo, 1711ko apirilaren 26a (juliotar egutegia), 1711ko maiatzaren 7a, 1711ko apirilaren 26a eta 1711 |
Heriotza | Edinburgo, 1776ko abuztuaren 25a eta 1776 |
Herrialdea | Britainia Handiko Erresuma |
Sexua | gizonezkoa |
Jarduera | filosofoa ekonomialaria liburuzaina historialaria saiakeragilea idazlea |
Familia | |
Aita | Joseph Hume, 10th of Ninewells |
Ama | Katherine Falconer |
Ezkontidea(k) | ezkongabea |
Anai-arrebak | ikusi
|
![]() ![]() |
David Hume (Edinburgo, 1711ko maiatzaren 7a - Edinburgo, 1776eko abuztuaren 25a) eskoziar filosofo, historialari, ekonomialari eta saiakeragilea izan zen. Gaur egun Mendebaldeko filosofiako eta Eskoziako Ilustrazioko figura garrantzitsuenetako bat da. Ezaguna da enpirismoan, eszeptizismoan eta naturalismoan oinarritutako sistema filosofikoa garatu izanagatik. Bere lan nagusiak Giza naturari buruzko tratatua (1739) eta Giza ezagutzari buruzko ikerketa (1748) dira.
Humek John Locke eta George Berkeley enpiristen eragin handia izan zuen, baita Descartes, Malebranche, Pierre Bayle eta d'Holbach baroia bezalako idazle frantsesena ere. Horrez gain, eszena intelektual anglofonoko figura batzuen eragina ere izan zuen, Isaac Newton, Samuel Clarke, Francis Hutcheson eta Joseph Butler kasu.[1] Humek gizakiaren zientzia naturalista bat sortzen ahalegindu zen, giza izaeraren oinarri psikologikoak aztertuko zituena. Era berean, sortzetiko ideien existentziaren aurka argudiatu zuen eta giza ezagutza guztia esperientziatik bakarrik eratortzen zela defendatu zuen.
Arrazoibide induktiboa eta kausalitatearen sinesmena arrazoiaren bidez ezin direla justifikatu argudiatu zuen. Bere aburuz, ohitura eta gogo-azturaren ondorio dira. Indukzioaren arazo horrek esan nahi du edozein inferentzia kausal iraganeko esperientziatik ateratzeko beharrezkoa dela aurresuposatzea etorkizuna iraganaren antzekoa izango dela. Baina, aurresuposizio hori ezin da oinarritu aurreko esperientzian.
Hume emotibista izan zen; izan ere, etika printzipio moral abstraktu batean baino, emozio edo sentimenduetan oinarritzen dela uste zuen. Perpaus deskriptiboetatik (izan) perpaus normatiboak (behar izan) ondorioztatzearen arazoa aurkeztu zuen lehenetarikoa izan zen. Humek ere ukatu zuen gizakiak norberaren benetako kontzepziorik duenik, sentsazio-multzo bakarra bizi dugula proposatuz. Era berean, determinismo kausala giza askatasunarekin guztiz bateragarria dela defendatu zuen. Erlijioaren filosofiari buruzko bere iritziei dagokionez, mirakuluen gaitzespena eta Jainkoaren existentziaren diseinuaren argudioak aurkeztu zituen, eta horiek, bereziki eztabaidagarriak izan ziren bere garairako.
David Humek utilitarismoan, positibismo logikoan, zientziaren filosofian, filosofia analitikoan, zientzia kognitiboan, teologian eta beste mugimendu batzuetan eragina izan zuen. Immanuel Kantek, esate baterako, Humek bere pentsamendu filosofikorako pizgarria izan zela eta bere «amets dogmatikotik» esnatu ziola egotzi zion.